Gizarte Zerbitzuak, zure eskura


Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, "Gizarte Zerbitzuak, zure eskura" lemapean, publizitate-kanpaina diseinatu du, gida eta edukiaren berri emateko.

servicios sociales

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak gida bat sortu du, web forman, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eta haren edukia ezagutzera emateko. Web hori elebiduna da eta honako esteka hauen bidez bisita daiteke: euskadi.eus/serviciossociales eta euskadi.eus/gizartezerbitzuak.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du gida horren helburua dela gizarte-zerbitzuen berri ematea eta horretarako modu eraginkorrena dela "gida bizia sortzea, eguneratu daitekeena eta herritar ororentzat eskuragarri dagoena".

Gidak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko informazioa eskaintzen du. Hura sistema unibertsala da, zuzena, erantzukizun publikokoa eta kudeaketa mistokoa, eta herritarren esku jartzen du pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzeari, autonomiari eta gizarte-ongizateari bide emateko arreta-sare publikoa, funtsean pertsonalak eta erlazionalak diren prestazio eta zerbitzuen bidez. Titulartasun publikoko (udalen, mankomunitateen, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren bidez) eta titulartasun pribatu hitzartuko prestazio, zerbitzu eta ekipamenduek eratzen dute.

Web horrek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman jaso diren zerbitzu eta prestazioak bederatzi arlo bereizitan banatzen ditu, informazioa arin bilatzeko: Biztanleria guztia; Mendekotasuna / Mendekotasun-arriskua; Gizarte-bazterketa / Bazterketa-arriskua; Babesgabetasuna / Babesgabetasun-arriskua; Gizarte-larrialdiak; Genero-indarkeria; Desgaitasun fisikoa / adimen-desgaitasuna / zentzumen-desgaitasuna; Gaixotasun mentala / nahasmendu mentala; eta Familia-ingurunea.

Bederatzi atal horietako bakoitzean sartzean, euskal herritarrek euskal erakundeek arlo bakoitzean duten eskaintza eta Sistema osatzen dutena ezagutu ahalko dute.

Artolazabalek gogorarazi du "Euskadiko herritarrek zerbitzu horietara jotzeko eskubidea dutela"; izan ere, "Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Katalogoan jaso diren prestazio eta zerbitzuen unibertsalizazioa Legeak bermatzen du". Sailburuak zera esan du: "azken hamarkadatan, euskal erakundeek –udalak, aldundiak eta Gobernua– sare bat eratu dute, gizarte-premiei ematen zaien erantzuna bermatzeko gai dena". Erabiltzaileak oinarri dituen arreta-eredua da; eredu horrek ikuspegi komunitarioa du, hurbileko arreta eskaintzen du, pertsonak beren ohiko bizitza-ingurunean egoteko lehentasuna emateko gai da.

Publizitate-kanpaina

Gidari forma emateko informazioa batzeko lana egin ondoren eta hura zabaltzeko prest egon ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak publizitate-kanpaina diseinatu du, eta astelehen honetan hasiko da, webaren berri emateko, eta gizarte-zerbitzuen garrantzia nabarmenduko du.

Hori horrela, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du gizarte-zerbitzuek, besteak beste, "hobetu egiten dutela pertsonen bizi-kalitatea, gizarte-premiei erantzuten dieten prestazio eta zerbitzuak ematen dituztela, bai eta segurtasuna ere kontingentzia edo arrisku batzuen aurrean, autonomia pertsonala sustatzen dutela eta harreman-loturak, lotura komunitarioak eta, azken batean, gizarte-kohesioa eraikitzeko bide ematen dutela. Ongizatearen egoera finkatzeko diseinatuta daude, hark lau oinarri dituela aintzat hartuta: hezkuntza-sistema, osasun-sistema, pentsioen sistema eta gizarte-zerbitzuen sistema".

"Gizarte Zerbitzuak, zure eskura" lemapean, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Zerbitzuetako Sailak publizitate-kanpaina hasi du, eta datorren hilera arte iraungo du.

 

ITURRIA: Lanbide. 2018/05/21. Hemendik eskuratua: http://www.lanbide.euskadi.eus 

botón twitter