Irungo hotelen okupazioa %75 ingurukoa izan da uztailean


  • Turismo Bulegora egindako bisitek gora egin dute.

 

Irun, 2020ko abuztuak 10-

 

Irunen, uztailean, hotelen okupazioa %74,13koa izan da, 2019ko garai berean baino %16,8 txikiagoa. Datu hori 2018an lortutakoaren antzekoa da, urte hartan okupazioak % 80ra iritsi baitziren.

Hirian gaua eman duten pertsonen jatorria ere aldatu egin da; izan ere, iaz %70 nazionalak ziren eta %30 atzerritarrak. Oraingo honetan, turismo nazionala %60 izan da eta atzerrikoa %40.

Hala ere, ez da aldaketarik izan herrian gaua igarotzeko batez bestekoan: 2 gau bisitari bakoitzeko.

 

"Bizi dugun egoeraren aurrean, %75eko hotel-okupazioa izatea datu positiboa da", esan du Miguel Angel Páez Bidasoa bizirikeko presidenteak. "Datu horiek erakusten dute turismo nazionalak Bidasoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela", gaineratu du.

Ildo beretik, Bidasoa bizirik-eko presidenteorde Maria Serranok adierazi duenez, "iazko udan Irungo turismoa goraka ari zen eta, azken hilabeteetan gertatu dena gorabehera, aurten bisitarien kopuruei eutsi diegu eta horrek erakusten du hiria turismo-helmuga gisa sendotzen ari dela".

 

Bisita gehiago  Turismo Bulegora

 

Irungo Turismo Bulegoak 1.377 bisita izan ditu uztailean, 2019ko epe berean baino 7 gehiago; horietatik 834 Irungoak ziren, hau da, ia %50 gehiago iazko uztailarekin alderatuta.

Bulegoa bisitatu duten gainerako pertsonei dagokienez, 24 Euskadiko beste leku batzuetatik etorritakoak ziren, eta 206 Estatuko gainerako tokietatik; azken horien artean, Madrildik, Kataluniatik, Valentziako Erkidegotik eta Gaztela-Mantxatik etorritakoak nabarmentzen dira.

Gainerako 313 pertsonak beste herrialde batzuetakoak ziren, batez ere Frantziakoak (Frantziako turista kopurua iazkoa bezalakoa izan da), Alemaniakoak, Herbehereetakoak eta Belgikakoak.