Hondarribiko hotel-okupazioa %73koa izan da uztailean turismo nazionalari esker


Estatuko turismoa %80koa izan da hil honetan, 2019ko uztaileko %60arekin alderatuta.

 

  • Turismo bulegoek 7.640 bisita izan dituzte guztira.

Hondarribia,2020ko abuztua.- Hotelen okupazioa %72,9ra iritsi da Hondarribian uztailean. Hau da, %15,2 jaitsi da 2019ko aldi berarekin alderatuta, eta batez ere turismo nazionalari esker lortu da, aurten % 80koa izan baita, iaz baino 20 puntu gehiago.

"Uda uste genuena baino hobeto doala erakusten duten datuak dira. Duela hilabete batzuk Hondarribian turistak hartzeko aukerarik izango genuen ere ez genekien, beraz, datuen irakurketa positiboa egin daiteke ", esan du Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

Bestalde, Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak azaldu duenez, "aurten jendea inguruko lekuetara joatea erabakitzen ari da, eta hainbeste turista nazionalek Hondarribia oporretarako helmuga gisa aukeratu izanak herriak potentzial turistiko handia duela erakusten du".

Hotelen okupazioari dagokionez, nabarmendu behar da, azkenik, herriko hotel guztiak irekita daudela eta bisitari bakoitzak 2 gau igaro dituela, batez beste.

Ildo horretan, "hilabetea uste baino hobeto joan dela” esan du Jauregui Hoteleko Gonzaga Jauregik. “Okupazioak eta batez besteko prezioak behera egin dute, baina okerragoa izan zitekeen. Okupazioa, adibidez, %70ekoa izan da; iazko % 85arekin alderatuz gero, gutxi da, baina ekaineko %35aren ondoan datu ona da. Alde positiboa ikusi behar da”.

Ildo beretik, Diego Rodriguez Jaizkbiel hoteleko zuzendariak esan duenez, "espero genuenerako, uztaila nahiko ondo joan da. Astegunetan agian ahulago, baina asteburuetan mugimendu handia izaten ari gara, batez ere erkidego mugakideetatik datozen pertsonak".


Bisitari nazional gehiago

Hilabete honetan, 7.640 pertsona pasa dira herriko turismo bulegoetatik. Zehazki, 5.423 lagunek bisitatu zuten Arma Plazako bulegoa eta 2.217k Portukoa.

Horietatik, 371 Hondarribikoak ziren, 672 Euskadikoak eta 4.052 Espainiakoak, batez ere Madrilgoak, Kataluniakoak, Valentziakoak, Andaluziakoak, Aragoikoak eta Nafarroakoak. Gainerako 2.545 pertsonak atzerritarrak ziren, besteak beste, Frantzia, Alemania, Belgika, Holanda eta Erresuma Batuakoak.

Ziurgabetasuna abuztura begira

Abuztura begira, "ziurgabetasun sentsazioa erabatekoa dela” esan du Gonzaga Jaureguik. “Albisteen mende dago asko, onak badira, erreserbak igotzen dira, txarrak badira, deuseztatu egiten dira. Oraingoz, hilabetearen lehenengo bi asteak ondo joango direla dirudi, baina egunez egun eta zer gertatuko den jakin gabe goaz".

Diego Rodriguezek, bere aldetik, hurrengo hau esan du: “Abuztua hasi zenetik mugimendu gehiago ikusten da, baina gehienak azken orduko erreserbak dira. Jende asko etortzen da eta, gauzak nola dauden ikusita, egonaldia azken unean luzatzen dute".